Manifestua euskaraz

Jakina da, egoera hobe bat bilatzeko asmotan, gizakiak etengabe egin izan dituela migrazioak; hortaz, hala denean, ez zaigu arraro suertatzen. Edozein herriren, areago, gizartearen historia migrazio eta lekualdatzez josia dago, norabide batean zein bestean. Azken bi hamarkadetan ikusi ahal izan dugu Europako herriak immigrazio-hartzaile bihurtu direla; besteak beste, etorkinek haien jatorrizko herrietan jasan behar duten pobrezia eta aukera ezagatik eta herri hartzaileetan aurrera egiteko aurkitzen dituzten aukerengatik. Orain mende batzuk – eta gaur egun, krisia dela eta – joera Europatik kanpora emigratzea zen; gaur egun, ordea, migrazioen noranzkoa irauli da, alegia, Europarako migrazioak gailentzen dira.


“Ongizate Estatu” gisa ezagutzen dugunaren desegiteak, Europar Batasunaren ondoz ondoko gobernuek eraginda, lobby ekonomikoen, Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren menpean, egoera hau okerreratu du. Politika ekonomiko hauek, diru laguntzen eta subsidioen beherapena eragin dute besteren artean, eta honek etorkinen eta bertako herritarren arteko norgehiagoko sentsazioa areagotu du.

Gaur egun bizi dugun krisia dela medio, bai etxean, bai Europa osoan, mezu populista eta xenofoboa erabiltzen duten eskuin-muturreko alderdiak agertu dira eta bertako jendearen artean etorkinek dituzten abantailen inguruko sentsazio desitxuratua eta orokortua zabaldu dute. Horren ondorioz, elkarbizitzaren degradazioa eta gizartearen amorrua areagotu dira. Onartezina da krisiaren izenean mezu hauek zabaltzea eta mespretxatuenak zuzenean erasotzen dituzten politikak ezkutuan aplikatzea. Izan ere, ezin dugu ahaztu antzeko egoera batek Hitlerri (Alemanian) eta Musoliniri (Italian) boterera heltzea lagundu ziela, besteak beste.

El Vendrellen eta Baix Penedès eskualdean, Herrialde Katalan guztietan bezala, eskuin-muturreko demagogia xenofobo honen ordezkari nagusiena Plataforma per Catalunya (PxC) da. 2003an El Vendrelleko udalean ordezkaritza lortu zuenetik, PxC-ren aldeko babesa eta boto kopurua areagotuz joan dira. 2011ko azken udal-hauteskundeetan 2328 boto eskuratu zituen (% 17’5), 5 zinegotzi lortu zituelarik. Demagogia, gezurrak, mehatxuak eta zurrumurruak izan dira haien bereizgarriak alderdia sortu zutenetik. PxC-k El Vendrelleko elkarbizitza erabat apurtu du, gizartearen atsekabea erabiliz ahulenak erasotzeko eta hauteskunde probetxua lortzeko.

Boto kopuru hau eskuratzeko eratu den lehiaren ondorioz, beste alderdi politiko batzuk ere etorkinen kontrako mezua zabaltzen hasi dira, alderdi xenofobo honen mezua normaltzat joz. El Vendrelleko kasu bereziari dagokionean, CiU esaterako, aurreko legealdian PxC-rekin itundu izan zen udal-aurrekontuak bezalako gai garrantzitsuak jorratzeko. Ondoren, 2011ko udal hauteskundeetan alderdi faxista eta arrazistarekin gobernu-itun bat egiteko zorian egon zen.

Gainera, normalkuntza instituzional honen eraginez El Vendrelleko auzokideek, une jakin batzuetan izan ezik, udaletxean eskuin-muturreko zinegotziak egotearen aurrean jarrera pasiboagoa daukate.

Alderdi xenofoboaren hedadura ez da El Vendrellera soilik mugatzen. Baix Penedès eskualdeko beste udalerri batzuetan, hala nola, L’Arboçen edo Santa Olivan, non botoen % 5’07 eta % 5’55 eskuratu dituen, hurrenez hurren, ordezkaritza lortzear egon da. Adierazgarria da azken udalerri honetako zerrendaburua eskualdeko mugimendu neonazien jarraitzaile izatea. Gainera, Baix Penedèseko beste udalerrietan ere hautagaitza aurkeztu zuen PxC-k, adibidez, Bellvein (% 3’81) edo Calafellen (% 3’77).

Aipatu behar dugu Via Democràticak ere (PxC-ren zatiketa bat) hautagaitza aurkeztu zuela El Vendrellen (% 2’02), Calafellen (% 3’69) eta Bellvein (% 1’12).

Hori ikusita, aski dela esateko ordua da, bidezko gizarte elkartu bat nahi dugula esateko ordua, non mundu guztiak leku bat duen. Gure herrian faxismorik eta arrazismorik ez dugula nahi adierazteko ordua da, ezberdintasunak eta bortizkeria baino ez dakartelako. Faxismoaren aurka borrokatzeko ordua da eta beste alde batera begiratzeari utzi behar diogu, gure ezaxolak indar gehiago ematen baitie PxC bezalako erakunde faxista eta arrazistei.

Horregatik, behean sinatzen dugunok, El Vendrelleko eta Herrialde Katalanetako auzokide guztioi, hurrengo 2013ko ekainaren 29an era baketsuan manifestatzeko deialdia egiten dizuegu. Mobilizazio honen bidez, eta aurreko asteetan ere, gure herrialdean faxismoaren eta arrazismoaren aurkako borroka berpiztuko duen sugarra sortu behar dugu.

ARRAZISMOARI EZ, FAXISMOARI EZ, PxC-RI EZ!
EZ DIRA PASAKO, EZ DIRA PASAKO, EZ DIRA PASAKO!